Europar Batasuneko lau haurretik bat pobrezia-arriskuan dago

15 urteko nerabeen artean bizi-gogobetetzearen inguruko maila 2018ko % 74tik 2022ko % 69ra jaitsi da 22 herrialdetan
Europar Batasuneko lau haurretik bat pobrezia-arriskuan dago

Europar Batasuna munduko eskualderik aberatsenetako bat da, baina, hala ere, milioika haurrek pobrezia-tasa altuei, gizarte-bazterketari, osasun mentaleko arazoei, poluzio arazoei eta hainbat online arriskuei aurre egin behar diete.

Unicefek argitaratu duen Estado de la Infancia en la Unión Europea 2024 izeneko txostenaren arabera, Europar Batasuneko lau haurretatik bat (20 milioi haur inguru) pobrezia-arriskuan edo gizarte bazterketa arriskuan  dago. EBan den pobrezia adierazle nagusi horren arabera, 2019. urteaz geroztik, 1,6 milioi haur gehiago daude pobrezia-arriskuan. Egoera horretan bizi diren 20 milioi haur eta nerabe horietatik (Europar Batasuneko haur eta nerabeen % 28), bi milioi baino gehiago Espainian bizi dira. Izan ere, Espainia da haur-pobreziaren tasa handiena duen Europar Batasuneko herrialdea.

20 haurretik bat pestizidek eragindako kutsadura-maila altuen eraginpean dago. Horrek kalteak eragiten dizkie beren osasunean eta hazkundean eragiten du. 

Aipatu txostenak azaltzen duenez, Europar Batasuneko 11 milioi haur eta gazte baino gehiagok osasun mentalarekin harremana duen arazoren bat du. Nerabeek antsietatea edo depresioa bezalako osasun mentaleko arazoak izateko joera handiagoa omen dute: 15-19 urte bitarteko gazteen bosten batek horrelako arazoak ditu. Txostenak jasotzen duenez, gainera, osasun mentaleko arazoen kopuruak gora egin du COVID-19aren pandemiaren ostean.

Bizi-gogobetetze maila

Bizi-gogobetetzearen mailari dagokionez, 22 herrialdetako datuen arabera, jaitsiera esanguratsua erregistratu da: 2018an zen % 74tik % 69ra jaitsi da 2022an. Estatuaren kasuan, aipatu adineko nerabeen % 76 gustura azaltzen da bere bizitzarekin.

Hori guztia gutxi balitz, 20 haurretik bat pestizidek eragindako kutsadura-maila altuen eraginpean dago. Horrek kalteak eragiten dizkie beren osasunean eta hazkundean eragiten du. Unicefen txostenak agerian uzten duenez, 2019an Europar Batasuneko 473 haur eta gazte hil ziren atmosferaren poluzioaren ondorioz, gehienak, urtebete baino gutxiagoko haurrak.

12 urteko zortzi haurretik batek nahi ez dituen eskaera sexualak jasotzen ditu aldizka.

Teknologia digitalen bilakaera azkarrak ere ondorio negatibo garrantzitsuak ditu adingabeengan: gorroto-mezuak, ziber-jazarpena edo sexu-esplotazioa, besteak beste. Unicefek jaso duenez, 12 urteko zortzi haurretik batek nahi ez dituen eskaera sexualak jasotzen ditu aldizka.

UNICEFek haurren eta nerabeen bizitzak hobetzeko gomendio batzuk ere egiten ditu. Adibidez, beste zenbait neurrirekin batera, honako hauek proposatzen ditu: 18 urtetik beherako seme edo alaba bakoitzeko 120 euroko kenkari fiskal itzulgarria ezartzea; kontziliazio-neurrien estaldura handitzea; haurtzaroan eta nerabezaroan espezializatutako osasun mentaleko profesionalen hornidura bermatzea; haurrak eta nerabeak ingurumen-gaietan inplikatzea; eta ingurune digitalean haurrak babesteko Estatu Ituna sinatzea.

Argazkia: © UNICEF/UN0821353/Moldovan

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE