Behera egin dute unibertsitatez kanpoko hezkuntzako matrikulek

Haur Hezkuntzak eta Lehen Hezkuntzak beheranzko joerarekin jarraitzen dute, eta DBHn eta Lanbide Heziketan, berriz, igoera esanguratsuak izan dira
Behera egin dute unibertsitatez kanpoko hezkuntzako matrikulek

Eustatek egindako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako araututako irakaskuntzak 405.460 matrikula erregistratu zituen 2022/23 ikasturtean. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, % 0,6ko jaitsiera izan da matrikuletan. Beheranzko joera hori, batez ere, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikus daiteke, ikasleen kopurua % 3,4 eta % 1,4 jaitsi baita, hurrenez hurren, 2021/22 ikasturtearekin alderatuta.

Aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak (DBH) ia 1.800 ikasle gehiago izan zituen. Datu horrek bat egiten du maila horrek azken urteetan izan duen igoerarekin. 2007/08 ikasturtetik, DBHn, gutxi gorabehera, 20.000 ikasle gehiago sartu dira. 

Lanbide Heziketako matrikulazioan eman den goranzko joera, bereziki, matrikulatzen diren mutilen igoerari esker izan da

Araubide Bereziko Irakaskuntza guztietan ikasle kopurua arinki handitu da, Kirol Irakaskuntzetan izan ezik; kasu horretan, ikasketa horiek 300 matrikula baino gehiago galdu dituzte, hots, % 28ko jaitsiera aurreko ikasturtearekin alderatuta.

Lanbide Heziketan, 133 matrikula gutxiago izan diren arren, ikasle kopuru osoak 40.000 ikasleen langa gainditu du beste behin. Lanbide Heziketako matrikulazioak goranzko  joera izan du azken 15 urteetan. Igoera hori nabarmenagoa izan da mutilen artean nesken artean baino. 2007/08 ikasturtetik % 76,4 hazi da mutilen kopurua eta emakumeena, aldiz, % 34. 

Lanbide Heziketari dagokionez, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) arloekin lotutako familia profesionalen zikloek genero-arrakala nabarmena erakutsi zuten. Ziklo horietan ikasleen % 12 baino ez ziren neskak izan; beste arlo batzuetan, berriz, hamar matrikuletatik sei neskenak izan ziren. Genero-desparekotasunaren fenomeno hori STEM ikasketetan denboran zehar errepikatzen den fenomenoa da.

Atzerriko hizkuntzak

Ikasleen banaketa ikastetxe publiko eta pribatuetan egonkor mantendu da; ikasleen % 53 ikastetxe publikoetan eta % 47 pribatuetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleriaren % 21,6k atzerriko hizkuntzak erabili zituen ikaskuntza-hizkuntza gisa. Kasu horretan, atzerriko hizkuntza ikasgaiaz aparte beste ikasgairen bat ingelesez, frantsesez edo alemanez ikasi duten ikasleak dira. Ikaskuntza eredu hori, bereziki, Lehen Hezkuntzan (% 31,4), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (% 37,1) eta Batxilergoan (% 14,4) eman da. Bestelako mailetan eredu horren presentzia anekdotikoa izan zen.

Ikastetxearen izaeraren arabera alde handiak ikusi dira. Adibidez, sare pribatuan matrikulatutako ikasleen heren bat inguruk euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuetan jaso zituen eskolak. Sare publikoan, berriz, kopuru hori % 9,4ra baino ez zen iritsi. Datu horiek kontuan hartzen dituzte beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemak irakasteko baimena duten atzerriko zentroak. Ikastetxe horietan herrialde horietako hizkuntzak erabiltzen dituzte irakaskuntza-hizkuntza gisa.

Eta hain agerikoa ez bada ere, aztertutako datuek lurraldeen arteko aldeak ere erakutsi dituzte. Horrela, Araban erabili dira gehien atzerriko hizkuntzak eta, jarraian, Bizkaian. Bi lurralde horietan ikasleriaren laurden batek, gutxi gorabehera, erabili zituen beste hizkuntza batzuk bere ikaskuntza prozesuan. Gipuzkoan, berriz, kopuru hori % 16 besterik ez zen izan.

Bekak eta ikasketetarako laguntzak

Matrikulatutako ikasle guztien ia heren batek jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren bekak edo ikasketetarako laguntzak. Hau da, 114.000 ikasle inguruk jaso dute nolabaiteko laguntza ekonomikoa.

Ikasleriaren ia heren batek, hots, 114.000 ikaslek, jaso zuten Eusko Jaurlaritzaren bekaren edo ikasketetarako laguntzaren bat

Bekadun ikasleen proportzioa handiagoa izan da sare publikoan matrikulatutako ikasleen  artean maila guztietan erdi-mailako eta goi-mailako LHn izan ezik. Sare publikoaren eta pribatuaren arteko arrakala handiena Lehen Hezkuntzan ikus daiteke. Kasu horretan, ikastetxe publikoetan matrikulatutako maila horretako ikasleen % 48,4k jaso du bekaren edo ikasketetarako laguntzaren bat; sare pribatuan matrikulatutako maila bereko ikasleen kasuan kopuru hori 24 puntu baxuagoa izan zen.

Beketara bideratutako aurrekontua 72,7 milioi eurokoa izan da, hots, aurreko ikasturtean baino 9 milioi euro gehiago. Beken zenbatekoaren igoera hori, neurri batean, 14/2022 Errege Lege Dekretua aplikatzearen ondorio da; izan ere, 400 euro gehiago esleitu zizkien derrigorrezkoen ondoko ikasketen onuradunei, eta 20.037 pertsonari egin zien mesede Euskadin.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE