Bizkaiko haurren eta nerabeen parte-hartzeri bultzada

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unicef Euskadik Haur eta Nerabeen Partaidetzarako I. Topaketa antolatu dute
haurren eta nerabeen parte-hartze

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unicef Euskadik Haur eta Nerabeen Partaidetzari buruzko I. Topaketa egin dute. Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi horretan 10-17 urte bitarteko 40 adingabe inguruk parte hartu dute. Topaketak adingabeek tokiko erakundeetan parte hartzea sustatuko duten mekanismoak bilatzea izan du ardatz.

Topaketan zehar, parte-hartzaileek, jolasen, eztabaiden eta talde-lanen bidez, beren komunitateei eragiten dieten erabakiak hartzean beren parte-hartzea hobetzeko hainbat modu aztertu dituzte. Ekitaldi hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unicef Euskadiko Batzordeak gidatutako ekimen zabalago baten parte da eta bizitza publikoan haurren eta nerabeen inplikazio aktiboa sustatzea du helburu.

Topaketaz gain, bi erakundeen arteko lankidetzak erakunde publiko eta pribatuetako langile teknikoei zuzendutako ikastaro erdi-presentzial bat ere hartzen du barne, haurren eta nerabeen parte-hartzea tokiko eremuan integratzeko tresnak emateko helburuarekin. Era berean, arlo horretan espezializatutako begirale-ikastaro bat diseinatu da, talde horiekin lan egiten duten profesionalen gaitasunak indartzeko.

Sustatutako beste ekintza bat nerabe talde batek Radio Euskadiko “Más que Palabras” irratsaioan parte hartzea da. Bertan, gaurkotasuneko gaiei buruz dituzten ikuspuntuak adieraziko dituzte. Aldi berean, kanpaina bat egingo da hedabideetan, gazteek parte hartzeko duten eskubidea sustatzeko, herritarrak horren garrantziaz sentsibilizatzeko.

Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia