Bilboko Udalak euskarazko ipuinen Rafael Mikoleta lehiaketaren 37. ediziorako deialdia zabaldu du. Lehiaketa Bilboko 8 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzentzen zaie eta lanak aurkezteko epea 2025eko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.
Lehiaketa lau kategoriatan banatuta dago: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak; DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak; eta, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleak. Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira, 200, 160 eta 120 euroko balioa duten opariak, hain zuzen ere. Aipatu sari horiez gain, DBHko ikasleek ‘Bilbo Balioen Hiria’ sari berezia irabazteko aukera ere izango dute. Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetakoren bati erreferentzia egiten dioten bi ipuin onenek 170 euroko balioa duten sariak jasoko dituzte.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko ikasleek euskarazko ipuinak aurkeztu beharko dituzte, argitaragabeak eta bi eta 4 orrialde arteko luzerarekin. Ipuin bakoitzak ilustrazio bat izan beharko du. Lanak bakarka aurkeztu beharko dira eta edozein gai jorratu ahal izango da. Aurreko edizioan 681 ipuin jaso ziren.
Lehiaketa lehen euskal gramatika idatzi zuen Rafael Mikoletari egiten dio omenaldia. Bere xede nagusia da Bilboko ikasleen artean euskarazko irakurzaletasuna sustatzea. Lehiaketaren oinarriak www.bilbao.eus eta www.bilbaoeuskaraz.eus webgunetan eskura daitezke.