Euskadin, seme-alaba bat haztearen hileko kostua, batez beste, 866 eurokoa da. 2022. urteko kostuarekin alderatura, hazkuntzaren kostua % 13an hazi da. Familia askorentzat zama nabarmena den igoera horren arrazoi nagusiak horniduren garestitzea (% 21eko igoerarekin) eta elikaduraren kostua (% 25 igoerarekin) dira.
Hala zehazten du, hain zuzen ere, Save the Children erakundeak aurkeztutako “Zenbat kostatzen den haurrak haztea Euskadin. 2024” txostenak, non hazkuntzarekin lotutako gastuak eta horiek familia-ekonomian duten ondorioak aztertzen diren.
Prezioen igoerak adingabeak dituzten etxeei eragin die bereziki, “hazkuntzaren inflazio berezia” pairatzen baitute. Inflazio hori inflazio orokorra baino % 35,5 handiagoa da, eta horrek, desberdintasun sozioekonomikoak larriagotzeaz gain, milaka haur eta neraberen ongizatea arriskuan jartzen du.
Familia asko zailtasun ekonomikoekin
Txostenaren arabera, Euskadiko 29.307 etxek, pobreenek, ezin izango lukete hazkuntzaren kostua estali, nahiz eta beren diru-sarrera guztiak horretara bideratu. Gainera, familien % 42ak, hau da, 89.675 etxek, zailtasun ekonomikoak dituzte, seme-alaba bat hazteak beren diru-sarreren erdia baino gehiago suposatzen duelako. Ehuneko hori bi puntutan igo da 2022. urteaz geroztik.
Prezioen igoerak bereziki eragin die adingabeak dituzten etxeei, “hazkuntzaren inflazio berezia” pairatzen baitute, inflazio orokorra baino % 35,5 handiagoa
“Euskadiko familien erdiak baino gehiagok ez dute diru-sarrera nahikorik hazkuntzaren kostua estaltzeko edo zailtasunak dituzte horretarako, eta horrek beren seme-alaben ongizatea arriskuan jartzen du”, dio Irati Alvarezek, Save the Children Euskadiko Eragin Politikoaren arduradunak.
Save the Children-ek ohartarazten duenez, haur-pobrezia kezkagarria da Euskadin. Izan ere, 14 urtetik beherako % 10,2 mantenu-pobrezia egoeran bizi da. Horrek esan nahi du beren familiek ezin dituztela oinarrizko beharrak estali.Era berean, 2023ko Bizi Baldintzen Inkestaren arabera (BBI), Euskadiko haur eta nerabeen % 18,8 pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan dago.
Pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskua, gainera, nabarmen handiagoa da 18 urtetik beherako seme-alabak dituzten familietan, bereziki guraso bakarreko etxeetan. Seme-alabak dituzten familien % 18 bazterketa arriskuan dagoen bitartean, kopuru hori % 36ra igotzen da ama bakarrak buru dituzten etxeetan. Alde horrek agerian uzten ditu seme-alabak dituzten etxeek dituzten zailtasun bereziak, Euskadin errentak oro har hazten ari diren testuinguruan ere.
Etxebizitza eta elikadura: igoera handienak
Etxebizitza eta elikadura gastuak dira 2022tik gehien igo direnak, % 21 eta % 25eko igoerakin, hurrenez hurren. Etxebizitza bat adingabe baten jaiotzara egokitzeak hilean, batez beste, 158 euroko kostu gehigarria dakar, eta hazkuntzarekin lotutako etxeko hornidurak hilean 211 eurora iristen dira seme-alaba bakoitzeko.
Pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskua nabarmen handiagoa da 18 urtetik beherako seme-alabak dituzten familietan, bereziki guraso bakarreko etxeetan
Bestalde, adingabe baten elikadura gastua hilean 147 eurokoa da batez beste, 2018tik % 42ko igoera metatua izan duelarik.
Txostenak zehazten du nola aldatzen diren gastuak seme-alaben adinaren arabera.
- 0-3 urte: hazkuntzaren kostua hilean 674 eurokoa da, batez ere kontziliazioan, etxebizitzan eta elikaduran.
- 4-6 urte: hilean 848 euro, elikadura eta hezkuntza-materialen kostuak igotzen dira.
- 7-12 urte: hilean 911 euro, etaparik garestiena da elikaduraren igoeragatik eta familia-inguruneko doikuntzengatik.
- 13-17 urte: hilean 925 euro, aisialdiko eta teknologiako gastua handitzen da.
Hazkuntzaren kostua arintzeko gomendioak
Save the Children-ek azpimarratzen du Euskadiko haur-pobrezia estrukturalki altuagoa dela gainerako biztanleriarekin alderatuta, ezarritako politika publikoak gorabehera. 2022ko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreforma, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (BGD) ezarpena eta 3 urtetik beherako haurrentzako hileko 200 euroko laguntzak bezalako neurriek egoera hobetu duten arren, ez dira nahikoak desberdintasuna murrizteko.
Save the Children-ek proposatzen du, besteak beste, 0-3 urte bitarteko hazkuntza-laguntza unibertsalak 17 urtera arte zabaltzea eta haurtzaroan egiten den inbertsio publikoa indartzea
Hortaz, Gobernuz Kanpoko Erakundeak honako neurri hauek proposatzen ditu:
- 0-3 urte bitarteko hazkuntza-laguntza unibertsalak 17 urtera arte zabaltzea.
- Haurtzaroan egiten den inbertsio publikoa indartzea DSBE, BGD eta horien osagarrien bidez.
- Prestazioak hazkuntzaren kostuaren adierazleekin lotzea, familien benetako beharretara egokituz.
- Etxebizitza eskuragarria izateko sarbidea bermatzea, bizitegi-kostuen igoeraren eragina murrizteko.
- Haurrentzako Berme espezifikorako plan operatiboa garatzea Euskadin.
Aurtengoa Save the Children-ek egindako “Hazkuntzaren kostua” txostenaren hirugarren edizioa da. Lehenengoa 2018an egin zen, adingabeak dituzten etxeetako errentak murriztu zituen atzeraldi luze baten ondoren. 2022an, pandemiaren ostean, erakundeak bigarren edizio bat egin zuen urte hasieran piztutako prezio-krisiaren ondoren, bereziki elikagai eta energia-produktuetan.